XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3.3.4.4 Egonaldiaren iraupena

A ereduko ikasleek bost eguneko egonaldia burutzeko aukera dute Gaztelun.

Bost egun hauek nahikotzat hartzen ditugu arrazoi askorengatik:

- Ikasleek etxekoak faltan botatzen dituzte gehienetan eta, Gaztelun gustora egon arren, bere familien berri jakiteko irrikitan egoten dira.

- Euskara aldetik pauso bat ematen dute bost egun horietan.

Badakigu zenbat eta denbora gehiago eskainiz emaitza hobeak izango liratekeela, baina arlo honetan nekea ere izugarri somatzen zaie egonaldiaren amaierarako.

Hobeto iruditzen zaigu luzatzeagatik asperraraztea baino egonaldi laburragoan emandako guztia goza dezaten, baita euskaraz ere, eta motzegia izan den sentipenarekin etxera joatea.

3.3.5 Ebaluazioa

A ereduko barnetegiaz pentsatzerakoan gutxienezko helburu batzuk betetzearekin nahiko izango zelakoan geunden.

Eta gutxienezko helburu hauek zeintzuk izan beharko zuketen zalantzak izan genituen.

Ez genekien aste betez euskaraz bizitzea posible izango zenik, dena euskaraz ematea ezinezkotzat geneukalako eta ikasleei euskaraz hitz eginaraztea amets bat zelako.

Hala ere, euskaraz bizitzeak bi baldintza hauek betetzea suposatzen duenez, gure ustez, aurrera egin genuen.

Dena euskaraz entzutea gogorra egingo zitzaiela uste genuen.

Baina beraiek multzo erdaldun bat osatzen dutenez, ez zaie uste bezain astuna egiten.

Ez dute bakarka jokatzen hizkuntzaren aurrean, taldean funtzionatzen dute eta ulermena errazagoa egiten zaie.

Bigarren puntuari dagokionean, berriz, gutxienezko ezagutza bat memorizatuta daukatenez posible egiten da hitz batzuen bidez jeroglifiko baten antzera espresatzeko gai izatea.

Eta ezinezkoa ez dela frogatuta dagoenez, tinko eutsi diogu aste betez euskaraz pozik bizi ahal izateari.

Lehen nola bizi azaldu dugu eta orain pozik hitza ere erantsi behar diogu, ekintza guztietan gustora jarduten baitira.

Era honetara, ikastetxean hain gustokoa ez duten gaia bere gogoko gauzekin identifikatuz, komunikatzeko aukera ematen duen tresna egoki bihurtzen dute.

Eta horixe da, hain zuzen ere, aste amaieran, ostiral goizean, egiten zaien galdekizunari erantzuten diotena, bai ikasleek eta baita irakasleek ere.